viernes, 5 de agosto de 2016

orrialde nagusia - página principal
www.munduabizikletazamerikan.blogspot.com

2016-05-05 / 2016-07-17 -- 3.716 km

IBILBIDEA (klikatu izenean) RUTA (clickar en el nombre)
Bolivia: Viacha - Peru: Cuzco
Cusco - Huancayo
Huancayo - Yungay
Yungay- Jaen


KAIXO PERU

Titicaca ertzetik sartu gara Perura herrialde berri batean sartzeak eragiten digun urduritasun txiki horrekin, ezjakintasunak eta  ziurgabetasunak sortzen digun sabeleko dirdirarekin.


Gauza bat behintzat berbera da mugaren bi aldeetan, Aimara hizkuntzaz mintzo dira: - Kamisaki? (zer moduz zaude)- Oihukatzen diegu bizikletatik bide ertzean topatzen ditugun lehenengo perutarrei eta – Gualliki! (ongi!)- erantzuten digute. Lehenengo gaua Challacollo herrixkako eskolan eman dugu eta Aimara hizkuntzaz ere irakasten dute bertan.


Titicaca lakuaren ertzak Bolivian baino baratz gehiagorekin topatu ditugu. Lakuko urek ertzak busti eta lur emankorrak uzten dituzte. Baratzean dagoen emakumeri argazkiren bat ateratzeko geratu, solasean hasi eta opariarekin jarraitu dugu bidea.



Eta Ilave herria pasa bezain pronto mugarri batera iritsi gara. Zenbaki borobila erakutsi digu kilometro-kontagailuak. 10.000 km, BIBA!!!


Hurrengo egunean, eguerdi partean pasa gara Puno hiritik eta bertan agurtu dugu Titicaca lakua.


Lakuari agur esateaz gain Cuzcorako errepide nagusiari ere gero arte esan diogu.


Txirrindulari batzuk gomendatuta Juliaca hiria ekiditea erabaki dugu eta horretarako bigarren mailako bide batetik iritsi gara Mañazo herrixkara. Herrira sartu aurretik ikusitako baserri batera hurbildu eta beraien etxe ondoan kanpatzeko baimena eman digute Pastor jaunak eta Eulogia andereak.


Oso gustura ibili gara hitz eta pitz eta konturatu orduko afaria jarri digute muturren aurrean. Elkarrekin jan ditugu patatak eta gazta.


Trafikorik gabeko panpa zabaletik Lampa herrirantz abiatu gara.


Lampa herriko sarreran Amaren Eguneko ospakizunetan zeuden eskolan eta eskolako amak Peruko emakumeek hain gogoko duten boleibolean jolasten topatu ditugu.


Kolonizatzaileen garaiko herri polita da Lampa eta etxeen koloreek Herri Arrosa izena eman diote.


Hortik aurrera bailara eder batean sartu eta pixkanaka bidea gogortuz doa.


Bailara estutuz doa Vila Vila herrixkara iritsi arte eta hortik aurrera haginak zorroztu behar izan ditugu. Bertakoek aurretik malda gogorrak ditugula esan diguten arren ez  genuen uste hainbeste igoko ginenik. Malda bakoitzaren ostean mendatearen gailurra topatuko dugunaren ustea dugun arren, malda bakoitzaren ondoren beste malda bat topatzen dugu.


Azkenean, kostata baina iritsi gara mendatearen bukaerara. Altimetroak 4.860 metroan gaudela dio, bejondeigula!


Hortik behera 4.400 metroan dagoen Vilcamarca herrixkako “Salon Comunal” herriko aretoan gaua pasa eta goizean bailara ezin ederrago batetik jaitsiera zoragarria dugu. Gogortasunaren ordaina.



Chuquibambilla herrixkan hartu dugu berriz ere asfaltozko bide nagusia eta bertatik errazago egin ditugu Santa Rosa herrirainoko kilometroak. Herriko sarreran dagoen gasolindegiko Gladys andereak gure kanpin-denda kokatzeko tokia egin digu.


Gladysen hamabi urteko alaba gazteena Lurreina da. Maitagarria.


Hurrengo goizean, Santa Rosatik ateratzen garen heinean, ikasle asko topatu dugu bizikletaz eskolara gerturatzen.


Bailaran gora Puno eta Cuzco probintziak banatzen dituen Abra La Raya mendatera iritsi gara.



Mendatea pasa eta kilometro gutxira Aguas Calienteseko termak daude eta azken aldian dutxa zeinen garesti dagoen ikusita… uretara!


Abra La Raya mendatea benetako muga fisikoa da. Panpa zabaletik Aguas Calientes inguruan jaiotzen den Vilcanota errekak irekitako bailara estura pasa gara. Ibaia hau lagun dugu ia Cuzco hiriraino.


Frantses familia batekin topo egin dugu bidean eta gaua elkarrekin pasa dugu. Toulouseko Marie eta GuillemeCasandra eta Hector seme-alabekin dabiltza bizikletaz bidaiatzen. Hori bai meritua!


Cuzcora iritsi aurretik berriz ere bide nagusia utzi dugu maldan gora igo eta Acopia herri politetik pasatzen den lau lakuen ibilbidea egiteko.


Eta konturatuko orduko Cuzcon gara, garai batean Inka inperioren hiriburua izandakoan. Txirrindulariok hain gogoko dugun Hostal la Estrellitan ostatu hartu eta txundituta geratu gara Cuzco hiriko eraikinen dotoretasunarekin. “Plaza de Armas” plaza nagusia eraikin ederrez inguratua dago.


Gertu dago Machu Picchu.  Baina Cuzco eta inguruko kontuak hurrengo baterako utziko ditugu. Aitor eta Eve lagunekin hitzordua daukagu aurki. Bideak elkartuko gaitu.

IBILBIDEA - RUTA
Bolivia: Viacha - Peru: Cuzco


PERUKO SIGI SAGAN GORA ETA BEHERA

Cuzco hiri dotoreaz gozatzen eman ditugu hiru egun. Harrizko kaleetan barna  etxe kolonialez eta Cuzkoko biztanleez inguratuta paseatzea oso atsegina da. Hori bai, hemen ere ez da maldarik falta.




Perura sartu ginenetik harritu gaituen gauzetariko bat Labezomorro modeloko autoak dira. Asko ikusten dira eta oso ongi zainduak.


Eta Cuzcotik utzi aurretik euskaldunen arteko topaketa izan dugu. La Estrellita ostatuan Jon eta Miren hondarribiarrekin eta Beñat gasteiztarrarekin elkartu gara. Jon eta Miren motxilak hartuta Hegoamerikan zehar bidaiatzen dabiltza eta Beñat, berriz, boluntario lanak egiten dabil Peruko mendialdeko bi eskolatan. Gustura egon gara elkarrekin afaltzen kontu-kontari eta bizikletaz bidatzen hasteko  berotu ditugu… laster arte!


Bizikletak hartu eta bagoaz Cuzcotik gertu dagoen Bailara Sakratura. Pisac herrian, berriz ere Vilcanota errekaren ertzean, bat egin dugu Inken aztarnaz josia dagoen bailararekin.


Bertan dago Urubamba herria eta hortxe, txirrindularioi ostatua eskaintzen digun Warmshowers plataformaren bitartez harremanean jarrita,  Julia eta Diegoren etxean utzi ditugu gure traste guztiak Machu Picchurantz abiatzeko. Autobusez iritsi gara Santa Maria herrixkara, hortik autoz Santa Teresara, beste auto bat Hidroelektrikara eta azkenik, bi ordu oinez trenbide ondotik  ibili ostean, iritsi gara turismoaren itzalean sortu den Aguas Calientes herri  itsusira.


Hauxe da Aguas Calientesera iristeko bide merkea. Beste aukera ehundik gora euro ordaindu eta Cuzcotik zuzenean trenez iristea da… ez da gure aukera.


Ainhoaren urtebetetzea ospatzeko afari oparoa eta, nola ez, urtebetetze tarta.


Goizeko bostak dira eta Aguas Calientesen eta sekulako ilara sortu da dagoeneko herrixkatik Machu Picchuko aztarnetara igotzen diren autobusen zain.


Umetatik, abenturazko komikietan irakurrita, toki zoragarri hau ezagutzearen ametsa izan du Koldok eta azkenean hemen gara. Turistez beteta egon arren txundituta uzten zaituen tokia da. Aztarnak ederrak dira, baina guri gehien txunditu gaituena tokia non kokatua dagoen ikustea da. Mendi puntan,mendiz inguratua, nola demontre eraiki zuten?


Aztarnen ondoan dagoen mendira igo gara lehendabizi eta goizeko lainoen artean jolasean agertzen eta desagertzen zaigu Machu Picchu.


Hainbestetan ikusi dugun irudia aurrez aurre dugu eta momentua oso berezia da.


Egun osoa eman dugu lasai, aztarnategitik gora eta behera, oso ondo mantentzen diren eraikinez gozatzen. Gaur egun ere ez dakite oso ondo tokia zergatik eta nola sortu zen. Espainiar kolonizatzaileek ez zekiten existitzen zenik  eta 1911. urtera arte mundu zabalean ez zen ezagutu.


Aguas Calientes herrixkatik Urubambara buelta trenbidetik egin dugu. Zazpi orduz trenbide ondotik  oinez bailara eder batetik.



Bailaran zehar ezagunak ez diren Inken garaiko hainbat aztarna topatu ditugu eta horien artean Inkek landatzeko eraiki eta gaur egun oraindik erabiltzen diren harrizko terraza ugari dago.


Urubambara iritsi aurretik Ollantaytambo herrixkan geldialditxoa egin dugu. Garai bateko harrizko kale ikusgarriak zutik diraute bertan, emakumeen jantzi eta txano koloretsuak baita ere.


UrubambaJulia eta Diegorekin oso gustura egon gara. Julia Leongoa da eta Diego perutarra. Bizikleta bidaiaria, JuliaEspainiatik Perura etorri zen lanera eta irakasle bezala dabil. Berri Txarrak zalea denez  musika trukean ere ibili gara. Eskerrik asko eta… ikusi arte!


Bailara Sakratutik irteteko trenbide ondotik doan bigarren mailako bide bat hartu dugu. Obretan dabiltza eta tokiren batean, errepide ondoko harri eta lurrezko hormak ikusita, ahal bezain azkar pasa gara.


Errepide nagusira irten aurretik herrixketan dantzariak topatu ditugu ospakizunetan.


Paisaia zabalez inguratuak iritsi gara Cuzcotik Limarantz doan errepide nagusira, denbora luzez ikusiko ez ditugun pasaia zabalak.


Salkantay (6.271m) mendiaren abisua jaso dugu eta, behin eta berriz, puntaren puntatik bailara sakonetara eramango gaituen bideari ekin diogu. Behin eta berriz pazientzia handia eskatuko digun bidea. Hanka eta buru indartsuak beharko ditugu.



Curahuasi herrian kanpatzeko toki berezia topatu dugu: Coliseo de Gallos. Oilarren arteko borrokak egiten dituzte bertan eta harrituta utzi gaitu tokiak, benetako estadioa da. Oraindik ez da borroken sasoia hasi eta gu, lasai asko lo egin ostean, gosaria prestatzen gabiltza.


Ibilbidearen gogortasunari aurre egiteko onena jendearen laguntza izan da. Nonahi eta noiznahi eskaini digute jatekoa, lotarako txokoren bat egin… emakume hauek patata jasotzen dabiltza eta bazkalordua denez beraiekin eseri eta bazkaltzera gonbidatu gaituzte.


Concepcion andereak, Tambo herrixkan, humitak prestatu eta gosaltzera gonbidatu gaitu.


Totorabamba herrian Victor Puma eta bere familiak etxe ondoan kanpatzeko txokoa egin eta elkarrekin afaldu eta gosaldu dugu.


Bailaran gora eta behera sigi-saga gogor doaz egunak. Gezurra dirudi han behetik gatozenik baina halaxe da.


Egunak joan egunak etorri desnibelak metatzen doaz. Hauxe da gure eguneroko ogia: astelehena 1.480 metro gora, asteartea 1.660 metro, asteazkena 1.130…


Suge formako errepideak


Txundigarriena egun berean topatzen ditugun kontraste bortitzak dira. 4.000 metro inguruan egotetik 2.000 metro ingura pasatu gaitezke. Goialdean, fresko, inguruan eukalipto zuhaitzak eta arto, patata eta kinoa landak.





Mendatea pasa eta beherantz goazen heinean gauzak aldatzen doaz.


Behealdean, bero, erreka ondoan giroa tropikala da eta inguruan kaktusak eta tuna eta tumbo bezalako fruta exotikoak. Okerrena altuera galtzearekin agertzen diren eltxo madarikatuen ziztadak dira...




Gora behera neketsu honetan, Ayacucho hirira iritsi aurretik, 4.300 metroraino igo gara Toqto mendatea zeharkatzeko. Aspaldiko partez goi lautada topatu dugu eta bertan aspaldiko lagun batzuk, bikuinak .



Ayacucho hiri atseginean atseden eguna izan dugu eta asko gustatu zaigu hiria. Cuzcon bezala,  hemen ere, kolonia garaiko etxe eta eliza ugari ikus daitezke baina, Cuzco ez bezala, hau ez dago turismo masiboari begira. Ia turismorik gabe benetako hiri perutarra da.



Atsedentxoa hartuta Ayacucho eta Huancayo hiriak lotzen dituen bideari ekin diogu eta sekulako ezusteko polita izan dugu. Mantaro errekaraino jaitsi eta honen ondotik bailara estu eta eder batetik doa errepidea. Errekaren altzoan asko estutzen da errepidea eta auto bakarrarentzat besterik ez dago tokia. Batzuetan beldurgarria da arriskua. Orduan pentsatzen dugu zeinen zortekoak garen autobusez beharrean bizikletaz bidaiatzen dugulako.



Machacuay herrixkako eskolan tokia egin digute gauean eta bertako gazteekin boleibolean jolasten ibili gara. Nekatuak egon arren ezin ezetzik esan…


Huancayo hirira iristen gaudela Purisima amabirjinaren bedeinkazioa jaso dugu. Guk, halere, nahiago dugu perutarren bedeinkazioa. Bidean goazela askotan oihukatzen digute “GRINGO!”. Gehienetan inolako zentzu txarrik gabe baina, egia esan, ez zaigu oso atsegina egiten. Askoz atseginagoa egiten zaigu  “BIDAIA ON!” esaten digutenean. Orain arte ez digute hainbestean esan eta Perun, aldiz, askotan deseatzen digute eta hau bai, hau barruraino iristen zaigu.


Baina ibilbide honetan eta, seguruenik, bidaia honetan izan dugun momenturik eder eta berezienetakoa Andahuaylas herrian bizi izan dugu. Hantxe, mapan bakarrik ikusten genuen herri honetan, AITOR eta EVErekin elkartu gara (cyclotherapy). Sekulakoa izan da bizikletaz bidaiatzen hainbeste denbora daramaten lagun hauekin bidean elkartzea eta bi egunez elkarrekin gozatzea. Izugarria da bikote honen alaitasuna eta harrituta geratu gara zeinen antzekoak garen ikusita. Bizikletaz bidaiatzeko modu asko daude baina inoiz ez dugu hain antzeko jendea topatu. Lagunarteko bi egun ahaztezin izan dira. Eskerrik asko LAGUNAK eta bidean berriz elkartuko gara. BIBA ZUEK!!!


IBILBIDEA - RUTA


PERUKO GAILUR TXURIETAN. CORDILLERA BLANCA

Warmshowers plataformaren bitartez ezagututako Abel jatorraren etxean egun bat lasai eman ondoren Huancayotik Huanuco hirirako bideari ekin diogu, seguruenik, Perun egin dugun ibilbideko zatirik itsusiena. Huancayorako bidean bezala, Huancayotik irtetean ere Mantaro ibaiaren ondotik jarraitu dugu. Meategiak geroz eta ugariagoak dira eta paisaia zeharo narrasten dute ibaia bera ere kutsatuz.


Herri zatarrak bata bestearen atzetik eta, agian Peruko herririk itsusiena izan daitekeena, mineralak prozesatzeko lantegiarekin, La Oroya.


Ibilbide honetako zatirik onena Junin herritik aurrera izan dugu, bide nagusia utzi eta Junin lakua inguratuz doan pista hartu dugunean. Junin lakua, Titicaca ostean, Perun dagoen lakurik handiena da eta mota askotako hegaztiz beteta dago.


Lakuaren ertzean, Sasicucho herrixkan, Alfonsok gaua pasatzeko txokoa egin digu bere etxean eta arratsaldean antxume txikiei biberoia ematen ibili gara.


Huanuco hiri atseginean Midori eta bere familiarekin eman ditugu bi egun, hauek ere, Warmshowersen bitartez ezagututa. Bertan jakin dugu PKK izan dela Peruko hauteskundeak irabazi dituena eta, hortaz, Alberto Fujimori diktadorearen alaba, Keiko Fujimori, ez da Peruko presidentea izango. Eta gu, Midori eta bere familia bezala, asko poztu gara. Beraiekin batera Fujimorismoa zer den ulertzen lagundu digun dokumentala ikusteko aukera izan dugu. Tarterik baldin baduzue hona hemen lotura. Merezi du: 
SU NOMBRE ES FUJIMORI

Gustura goaz Huanucotik, hori bai, handiuste pittin bat badute bertan, ezta?


Huanuco hiritik Cordillera Blancarako bidea hasi dugu eta egun gogorrak ditugu aurretik, mendatez mendate… Hiritik irten eta berehala lehenengoa.


Corona del Inca (4.000m) mendatean gora Isidora eta Willy bikoteak beren etxe aurrean kanpatzeko baimena emateaz gain familiarekin afaltzeko eta gosaltzeko gonbitea luzatu digu. Gurasoak bezala, seme-alaba jatorrak.


Bide gogor hauetan gabiltzala Ainhoaren aulkia eusten duen pieza apurtu egin da. Eskerrak Chavinillo herrian bizikleta tailer txiki bat topatu eta mekanikari prestuak konponketa on bat asmatu duen.


Inguruko herrietan ez da kolore guztietako artorik falta.


Huallanca herrira iritsi eta ibilbide honetako mendate garaienerako bidea hasi dugu. Lehenengo bi egunetan asfalto bikainak lagundurik iritsi gara Abra Yanashalla (4.700m) mendatera.

Hor, bide nagusia jarraitu beharrean eskuinerantz agertzen zaigun pista hartu eta gorantz jarraitu dugu 4.880 metrotaraino, Abra Huallapasca mendateraino. Eta hortxe, puntaren puntan gaduela, Cordillera Blanca mendilerroaren ikuspegi zoragarria agertu zaigu.


Mendateko punturik garaienean egon arren kilometro gogor batzuk ditugu aurretik, altueran gora eta behera.


Hori bai, zoragarria da tokia. Glaziarretarantz hurbilduz, pixkanaka, muturren aurrean ditugun arte.


Azkenean iritsi gara azken lepora eta bertan ezin dugu sinetsi zeinen gertu ditugun izotz puska erraldoiak.


Aurpegian irribarre zabala marrazturik bagoaz bailaran behera jaitsiera luze bezain gogor batean. Harriz eta hondarrez beteriko bideetan igoerak gogorrak baldin badira, jaitsierak ere ez dira makalak.


Beheranzko bidean Puya Raimundii landare bitxiarekin topo egin dugu. Andeetako landare hauek hiru metroko altuera har dezakete eta 150 behar dituzte loratzeko, hortaz, munduan hazteko denbora gehien behar duen landarea da.


Bailara eder hau agurtu eta Pachacoto herrixkan bat egin dugu asfaltozko bide nagusiarekin. Oso nekatuak eta oso pozik bertan emango dugu gaua.


Cordillera Blancaren ondotik bi bailara doaz hegoaldetik iparraldera. Mendebaldean Callejon Huaylas bailara nagusia dago eta bertan Huaraz hiria. Ekialdean Callejon Conchucos bailara bigarren mailako bideekin eta herri txikiagoekin. Azken honetatik joatea erabaki eta ezusteko galanta jaso dugu. Callejon Conchucosera pasatzeko Kahuish tunela pasa behar da eta gure maparen arabera 4.172 metroan dago. Lasai hasi dugu eguna, asfalto leuna, maldan gora poliki, eguraldi bikaina… baina azkar hasi zaigu okertzen kontua. Goiza aurrera doan heinean haizea esnatzen doa eta geroz eta gogorrago datorkigu aurretik. Eta gorantz goazela jakinarazi digute ezetz, ez direla 4.172 metro, mapa erratuta dagoela eta gorago igo behar garela. Zer? Kaka zaharra! Gure egun lasaia ez da uste bezain lasaia izan. Hortzak estuturik eta ukabilak gora iritsi gara ditxosozko tunelera.


Tunela pasa eta maldan behera sartu gara Conchucos bailara ederrera.


Herri lasai eta politak aurkitu ditugu bailara honetan, jende oso jatorrarekin beti. Horietako bat da Huari. Espainiar kolonizatzaileek sarraski fisikoaz gain sarraski kulturala ere eragin zuten inguru hauetan. Penagarria.


Huari herri politeko plazan bazkaltzen gaudela herriko telebistako bi kazetari hurbildu eta elkarrizketa bat grabatu digute. Gauza bitxiak ez dira falta!


Huaritik gora alfaltoari agur esan eta beste mendate luze bat dugu zain. Herrixka ugari dago bidean eta paisaian, ia Peru osoan bezala, Eukalipto zuhaitza da nagusi.


Etxeak berotzeko eta janaria prestatzeko ezinbesteko egurra eskaintzen die zuhaitz honek.


Huachococha aintziran ailegatu gara 4.360 metroan dagoen mendatera.


Aintziratik oso gertu dago Vaqueria Huachococha behitegia eta hara hurbildu gara bertan gaua emateko asmoarekin. Behitegi hau, Don Boscoko italiar boluntariok sortua, bailaran zehar zabalduta dauden proiektuetako bat da, beti ere bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko asmoarekin. Primeran hartu gaituzte eta afari oparoa prestatu dute.


Goizean goiz, gosaldu aurretik eta gu esnatu garenerako langileek behiak jetzi dituzte. Elkarrekin gosaldu eta batzuk txerriei jaten ematera doazen bitartean besteok bizikletak hartu eta maldan behera goaz. Hori bai, behitegian egiten duten kiloko gazta bikaina alforjan daramagu.



San Luis herria pasa eta Chacas herrira goazela nekazariak lanean ikus daitezke bailan osoan zehar. Batzuk, astoaren laguntzaz lastoa xehatzen


eta beste batzuk kinoa aleak aireratzen.


Chacas herrira iritsi eta Eliza-etxean hartu dugu ostatu. Oso herri polita da Chacas, plazan belardi zabala etxe kolonialez inguratua eta atzean mendilerro erraldoia.



Eta eliza, herriaren bihotzean. 70. hamarkadan Italiako Hugo apaiza Chacasera etorri eta berehala bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko lanean hasi zen. Mato Grosso operazioa bezala ezagutzen de gobernuz kanpoko erakundea martxan jarri eta ordutik izugarri garatu da bailara. Gazte txiroei eskulturan, pinturan, bidrioaren lanketan edo mosaikoen lanketan formatzeko aukera ematen diete eta bost urtetako ikasketen ostean titulu ofiziala jasotzen dute. Gero, nahi duenak, erakundeak sortutako lantegietan lan egiteko aukera du eta horrela, inguruko hainbat eta hainbat biztanlek egiten duen bezala Lima hiriburura joan gabe, bailaran bizitzen geratu daitezke ingurukoei laguntzeko aukerarekin. Ikusgarriak dira bertako tailerretan sortzen dituzten lanak.



Kutsu erlijiosoa kenduta lan bikaina egiten du erakundeak. Eskerrik asko eskaini diguzuen harrera eta arreta beroagatik.

PUNTA OLIMPICA
Chacas atzean utzi eta bagoaz Punta Olimpica mendaterantz. Huanucotik honako bidean azken mendatea izango da, 11 egunean 4.000 metrotik gorako 6 mendate. Punta Olimpica mendatea gurutzatuz Conchucos bailaratik Huaylas bailarara pasatuko gara. LontxoSalvaAitor eta Eve… askori entzun diegu mendate honen edertasunari buruz hitz egiten. Aspaldiko ametsa zen guretzat hemen egotea, malda hauek igo eta jaistea. Bailaran gora lehenengo Contrahierba (5.956m) mendiko hormekin topo egin dugu.


Gezurra dirudi baina harantz goaz, geroz eta gertuago, mendietatik zintzilik dagoen izotza hatz puntekin ukituko dugula dirudi.


Liluratuta goaz maldan gora, paisaiak sorginduta.


Eta ia mendateren goialdean gaudela ezusteko galanta jaso dugu. Alta Gracia hiriko Ana eta Pablo argentinar lagunekin hitzordua genuen inguru hauetan. Perura etorri dira egun batzuetarako eta Limatik autoz gerturatu dira Cordillera Blancara. Ez zuten argi non geunden, ez genuen argi non zeuden, eta non eta mendatearen goialdean topo egin dugu, Cancaraca aintziraren ondoan eta Ulta mendiaren begiradapean.


Lagunekin tunela pasa eta mendatearen punturik garaienean gaude. Punta Olimpica, 4.736m. Zeinen gertu ditugun glaziarrak.


Mendatearen mendebaldeko ikuspegia are eta ederragoa. Huascaran mendia, 6.768 metrorekin Peruko mendirik garaiena. Mendi puska erraldoi hori aurrean dugula bagoaz mendatean beherantz hain gertu dugun izotzaren edertasunak izozturik.



Bailaran aurrera goaz eta atzean ikus daitezke jaitsi dugun errepideak mendi magalean marrazten dituen bihurgune estuak.


Atzean utzi dugu Punta Olimpica eta pentsatzen genuena baino ederragoa delakoan gaude. Sekulan pasa dugun mendaterik politena ez bada, politenetakoa seguru.
Pablo eta Ana lagunekin Yungay herrian elkartu, afaldu eta hurrengo egunean, bizikletak Yungayn utzita, Laguna 69 aintzirara oinezko txangoa zain dugu. Llanganuco aintziraren ondoan autoa utzi eta bagoaz oinez.



69 aintziraren koloreak ez dirudi erreala, zeinen toki polita. Aintziraren goialdean Chacraraju (6.112m) mendi-puska gertu ikus daiteke.



Pozik, lagunekin egun ederra pasata, agurtzeko garaia iritsi zaigu. Cordillera Blanca mendilerroan, Huascaran erraldoiaren ondoan, laster arte.


Euskal Herrian elkar ikusiko dugu.


IBILBIDEA - RUTA
Huancayo - Yungay



IGOERA AMAITEZINETATIK PERU AMAITZERA

Cordillera Blancako Yungay herrian lagun argentinarrei agur esan bezain pronto Ainhoa gaixotu egin da. Sukarra igo eta bi egun eman ditugu hobetu arte. Gorputzak bere moduak topatzen ditu atsedena eskatzeko… eskerrak Yungayko San Viator eskolan tokia egin eta primeran zaindu gaituzten Beñat eta Raquelek. Mila esker.


Cordillera Blancari agur esateko Santa errekak irekitako Cañon del Pato arroila ezaguna hartu dugu. Batzuetan estuago besteetan zabalago, ikusgarria da zintzur natural hau. Bertatik doan errepidea irekitzeko 50 tuneletik gora zulatu zituzten eta guztiak zeharkatu ditugu bata bestearen atzetik.



Chuquicara herrixkara iritsi gara Santa errekaren ondotik eta bertan, norabidez aldatu eta Tablachaca errekan gora jo dugu. Arroila hauek batzuetan asko estutzen dira autoentzat arriskutsu xamar bihurtuz.



Tablachaca erreka utzi eta mendian gora Pallasca herrira doan igoera ikusgarria bezain gogorra da. Bailaratik irteten goaz pixkanaka eta erreka behean geratzen da.


Kontua hauxe da: Egun batean erreka behealdean utzi dugula Pallascara igotzeko eta hurrengo egunean berriz ere erreka ondora jaitsi behar garela berriz ere infernuko igoera bati aurre egiteko! Argazkian ederki suma daiteke Peruko kontraste bortitzak nolakoak diren. Eskuinaldean dagoen bidetik behera jaitsi behar gara izugarri gozatuz eta, behealdean, berriz ere Tablachaca errekaren ondoan, igoera gogorra hasiko zaigu. Jaisten zabiltzala, aurrez aurre, mehatxari,  datorkizuna argi eta garbi agertzen delarik.


Inguru honetako herrixkak oso politak eta atseginak dira. Mollepata behealdean geratzen doa.


Mollebambako plazan agurea lo kuluxkan.


Erreken ondoko idortasunetik irten eta mendialdeko paisaia perutar tipikoa agertzen da.


Huamachuco herri handira iristear gaudela kontu ilunagoekin topo egin dugu. Mendietako nekazarien inguruan meategi erraldoi pozoitsuen itzala geroz eta zabalagoa da. Baserritarra lurra goldatzen dabilen bitartean atzeko mendietan meategi erraldoia mendia txikituz doa.



Huamachuco meategiz inguraturik dago eta herritik oso gertu dagoen Cerro el Toroko meategiak herria bera kutsatzen du. Herriko biztanle asko pozik bizi dira lana lortzen baitute, beste batzuk, ordea, etorkizunera sortuko diren kalte konponezinez ohartuta ez daude batere kontent.


Aspaldiko partez, zonalde honetan garraiorako zaldiaren eta astoaren erabilera oso zabaldua dago.


Cajamarca hirira gerturatzen garen heinean Cajamarcako kapela erraldoiak ikus ditzakegu. Perun toki askotan da ohikoa kapelak ikustea baina Cajamarcakoak, zalantzarik gabe, handienak dira. Sekulako itzala ematen dute.


Bidean topo egiten dugun txirrindulariekin informazioa trukatzea oso ohikoa da, halere, batzuetan, bidezidorrak garesti xamarrak izan daitezke.


Azkenaldian, pasatzen garen herrietan sortzen dugun ikusmina areagotzen doala iruditzen zaigu. Herrietan askoz jende gehiago hurbiltzen zaigu hitz egitera, galdetzera… Cajabamba herriko plazan bazkaltzen  gaude eta konturako orduko jendeak inguratuta gaitu. Jende jatorra, adeitsua, jakin-minez betea… askok oso gustuko dituzte mapak.


Perun, Amerikako beste hainbat herrialdetan bezala, oilar-borrokak oso zabalduak daude. Herrixka txiki baten ondotik gindoazela oilarren entrenamendu bat ikusteko aukera izan dugu, bai bai, entrenamendua. Mokoetan eta hatzaparretan babesak jarri dizkiete minik ez hartzeko eta borrokara!


Cajamarca hirira iristear gaudela paisaian sekulako aldaketa gertatu da. Bat-batean larre berdez inguraturik gaude eta behiak ikus ditzakegu nonahi. Euskal Herria datorkigu burura.


Cajamarca ingurua oso ezaguna da bertako esne eta esnekiengatik. Goizetan baserritarrak errepide ondoan topatu ditugu esne jetzi berria marmitetan sartu eta goizero esnea jasoz pasatzen den autoaren zain. Esne litro bakoitzagatik sol 1 ematen diete (euro 1 = 3,7 sol).


Hiriko erdialdean harrituta geratu gara zenbat esneki denda dagoen ikusita: Gazta, jogurta, gurina… dena izugarri goxoa.


Cajamarca oso hiri lasai eta atsegina izateaz gain historian oso toki garrantzizkoa izan zen. Pizarro espainiar konkistatzaileak eta Atahualpa Inken enperadoreak bertako plazan topo egin zuten lehen aldiz 1.532. urtean. Pizarro hirira iritsi zenean hutsik topatu zuen, Atahualpa eta bere tropak hiri ondoan dauden Baños del Inca izeneko ur termaletan baitzeuden atseden hartzen. Espainiarrak handik zebiltzala jakinda hirira joatea erabaki zuen jende ezezagun hura nor zen jakitera. Herriko plazan elkartu ziren eta Pizarrok, konkistatzaileen estiloari jarraituz,  7.000 indigena asasinatu eta Atahualpa atxilo hartu zuen. Atahualpak, bere askatasuna lortzeko, urrezko gela bat eta zilarrezko bi gela eskaini zien espainiarrei. Urtebete beranduago erreskatea ordaindua zegoen baina Pizarrok, oso estilo espainiarrean berriz ere, Atahualpa sutara kondenatu zuen. Azken orduan, Atahualpak kristautasuna “onartu” zuenez erre beharrean estrangulatu besterik ez zuten egin. Bihotz onekoak benetan espainiar hauek… Gaur egun plaza hura eliza eta bestelako eraikin kolonialez inguratua dago.


Askoz atseginagoa izan da guretzat Cajamarcako plazan izan dugun topaketa. Esti eta Aritz gasteiztar lagun txirrindulariekin (www.bizialhaiz.blogspot.com) elkartu gara eta izugarria izan da emozioa. Hauek ere ia urtebete daramate Hegoamerikan zehar bizikletaz eta elkarren berri bagenuen ere ez ginen orain arte elkartu. Ederra izan da kontu-kontari ibiltzea, elkarrekin gosari eta afari oparoak konpartitzea… alaitasun kutsakorra dute eta pozarren egon gara elkarrekin. Bide beretik goaz iparralderantz, hortaz, gu baino lehenago irten badira ere eta ziur gaude bideak elkartuko gaituela. A lo lokooooooo!!!


Atseden hartuta eta sabela ondo beteta prest gaude bideari berrekiteko. Hiria utzi eta berehala Baños del Inca terma historikoetan egin dugu geldialditxoa. Hantxe zegoen Atahulpa Pizarroren berri izan zuenean.


Mendian gora berriz, emakume jator hau topatu dugu ehuntzen. Dirudiena baina gogorragoa da lana, abila izateaz gain indar handia ere behar baita.


Lainoturik esnatu da eguna eta mendian gora goazela euriak harrapatu gaitu. Eskerrak tontorretik gertuko etxetxo batean hutsik dagoen sukaldea utzi diguten Mikuypampa herrixkan eta lehor eta goxo lo egiteko aukera izan dugun.


Celendin herritik 3.115 metrora igo eta zain daukagu eguneko oparia: 800 metro inguruan, bailararen behealdean, Marañon ibaiaren ondoan dagoen Balsas herrixkarako jaitsiera. 2.315 metroko jaitsiera!


Sekulako irribarrearekin eta sekulako beroarekin iritsi gara ibaiaren ertzera. Peruko kontraste bortitzak. Atzo euripean hotzez bukatu genuen eguna eta gaur beroak akabatzen gaitu. Marañon ibaiak banatzen ditu Cajamarca eta Amazonas departamentuak.


Goizean goiz hasi dugu eguna bero sargoritsua ekiditeko asmoz. 800 metroan gaude eta 3.600 metrora arte igo behar gara 61 kilometroan.


Egun eta erdian egin beharreko igoera. Balsas herrixkatik gora alforjekin bidaiatzen inoiz egin dugun igoera metatu handiena egin dugu: 46 kilometroan 2.205 metro igo. Bailaran gorantz goaz, pixkanaka.


Egun gogorra bukatzeko modurik onena jende jatorra topatzea da eta halaxe gertatu zaigu Achupas herrixkan. Salon Comunala uzteaz gain familia zoragarri batekin momentu ederrak izan ditugu. Darlin.


AmonaMiguel eta Sara.


Goizean esnatu eta egunak ez du itsura onik. Behealdean lainozko itsasoa badugu, goialdean lainozko teilatua.


Euritan agurtu ditugu lagunak eta sekulako zaparradarekin iritsi gara Calla Calla (3.600m) mendatearen gailurrera. Okerrena, halere, etortzear dago. Euritan eta lainopean egin dugu Leymabamba herrirako jaitsiera arriskutsua. Horrelako momentuetan zaila da argazkiak ateratzea. Berehala bustitzen da argazki-kamera eta tantak ezin ditugu ekidin.


Izoztuta iritsi gara Leymabambara eta ordubetetik gora behar izan dugu gorputzari buelta emateko. Utcubamba errekaren ondotik, euritan, bidean aurrera jarraitzea erabaki dugu eta errekan behera altuera galtzen goazen heinean berotzen doa giroa.


Amazonas departamentuan gaude eta klima berotzen doala suma daiteke. Chachapoyas da departamentuko hiriburua eta harantz gerturatzen goaz. Izen xelebre horren esanahia Lainoetako Jendea omen da eta garai batean inguru honetan bizi zen kultura baten izena da. Inken aurreko zibilizazio honen aztarna asko dago inguruan baina garrantzizkoenak Kuelap hiribilduko aztarnak dira. Kristo ondorengo 900 eta 1.100. urteen artean eraikia Chachapoyas herriaren hiriburua izan zen. Harresi erraldoiz babestuta 420 etxe zeuden bertan eta 3.500 pertsona bizi zen gutxi gora behera. 3.100 metroan eraikia bailara zabala ikus daiteke bertatik.



Cachapoyas inguruan ur-jauzi asko badago ere Gocta ur-jauzia da ikusgarriena. 771 metroko erorketa dauka eta munduko bosgarren luzeena da (hirugarrena bezala saltzen badute ere). Ikusgarria.



Klima eta paisaia orain artekoarekin alderatuz oso desberdina da Utcubama errekaren bailaran. Beroa, hezetasuna, landaretza… eta hori inguruko dendetako fruta eskaintza zabalean nabaritzen da, guretzat batzuk ezezagunak.


Orain arte topatu ez dugun kafea ere ez da falta. Kafe aleak jaso ostean etxe ondoan jartzen dituzte eguzkitan ondo lehortzeko.



Bagoaz bailaran behera  Jaen hirirantz Chachapoyas atzean utziz. Bailara irekiz doa eta beste ezusteko eman digu Peruk. Bat-batean kontinentez aldatu garela diruri eta Asiara salto egin dugula. Arroz soro zabalez inguraturik gaude zur eta lur.


Horrelaxe, arroz artean, guztiz harrituta, iritsi gara Jaenera.


Peruko azken egunak atseginak izan dira. Jaen hirian, oso hiri polita ez den arren, badago txirrindulariontzat berezia den tokia: El Ciclista bizikleta denda. Bertako arduraduna, Miguel, tipo oso jatorra da eta bidaiatzen gabiltzan txirrindulariak primeran zaintzeaz gain mekanika arazoak izanez gero ere paregabeko laguntza eskaintzen du. Oasi bat herrialde honetan.



Jaendik sartu bezala irten gara arroz soroen artean. Ziztu bizian eraiten dituzte arroz sortak.



Perun askotan ikusi ditugu errekak gurutzatzeko erabiltzen dituzten oroya izeneko sistemak,  kable batetik zintzilik doan plataforma. Orain arte ikusi gabe geneukana oroya kolektiboa zen.


Perun gure azken gaua Tomaque herrixkan eman dugu Victoria eta Juanen etxean. Beroak gogor jo du eta oso nekatuta iritsi gara. Segituan ireki dizkigute ateak, dutxa eskaini, limoi-ura, afaria… kafea landatzen dute eta beraiekin batera ale berdeak banatzen ibili gara.


Modu bikaina izan da Peru agurtzeko. Hori bai, bada Perun egitera ausartu ez garen gauza bat. Oso ohikoa da perutar etxeetako sukaldeetan cuy animaliatxoak alde batetik bestera topatzea. Bertan hazten dituzte gero sutan prestatu eta jateko. Duela 7.000 urte jada hazi eta jaten zituzten inguru hauetan. Hain jaki zaharra izanagatik, guri, animaliatxo hauek, pena dezente ematen digute eta ez dugu jateko adorerik izan.



HUSTU ETA BETE. AGUR PERU
Bi hilabete eta erdi pasa dira Boliviatik Perurako muga zeharkatu genuenetik eta orain Ekuadorreko mugatik oso gertu gaude. Perun sartu aurretik ez genuen oso argi zer aurkituko genuen. Batzuek, askok, perutarrei buruz ez ziguten oso ongi hitz egin. Ez zirela oso adeitsuak, Peru arriskutsua zela…  Orain, bertan egon osten, gure iritzia guztiz kontrakoa dela esan dezakegu. Izugarriak iruditu zaizkigu perutarrak. Behar izan dugun guztietan laguntzeko prest agertu zaizkigu eta behar ez genuen askotan baita ere. Baina gogorra da Peru. Akaso, guretzat, sekulan zeharkatu dugun herrialderik gogorrena. Fisikoki gure onena eman behar izan dugu aurrean geneuzkan desnibel eroei aurre egiteko. Gure gorputzen eta buruen onena. Pazientzia handia eta burua hotz. Indarrez askotan hustu gara baina, zorionez, hustu garen heinean inguruak bete gaitu. Bagoaz Perutik eta Ekuadorrera sartzeko gogoak baldin baditugu ere ondo sentitzen gara, pozik eta indartsu.

Eta Peruk Aitor eta Eve, Aritz eta Esti, Ana eta Pablo, Beñat eta Raquel, Miren eta Jon, Julia eta Diego… eta beste asko eman dizkigu. Azken honen argazki batekin agurtuko dugu Peru. Diego Gavilan argazkilari perutarrak mendialdeko familia bati eginiko argazkiarekin. Agur Peru.


 IBILBIDEA-RUTA
Yungay- Jaen

orrialde nagusia - página principal